Erlijio-arkitektura

  • Inprimatu

Lurralde guztietan antzeko garapena izan bazuen ere, kostaldeko elizek garrantzi berezia izan zuten. Erlijio-tipologiari dagokionez, Gipuzkoak eta Bizkaiak, bultzada ekonomikoarekin eta demografikoarekin bat zetozen tenpluak egiten jarraitu zuten eta, Arabak, Nafarroak eta Iparraldeak jarduera artistikoaren gainbehera-fase bat bizi izan zuten, Barrokoaren garaian ere iraungo zuena. Izan ere, aurreko sasoietan eraikitako eraikuntzekin espirituzko beharrizanak ase zirenez, hiru probintziok iraunkor mantendu ziren, aurrerapenik gabe, nekazaritza-arloari hiri-arloari baino garrantzi gehiago emanez. Gaur egunera iritsi zaizkigun eraikin gehienak XVI. mendearen amaierakoak eta XVII. mendearen hasierakoak dira eta estilo platereskoan eginak daude.

Lurraldez-lurralde


Araba

Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako monumentuzko fatxadak aipatu behar dira, erdi-puntuko arkudunak. Halere, lurralde honetan estilo honi dagokion adibide bitxiena Aguraingo Andre Mariaren parrokiako koruan aurki daiteke: ukitu gotikoa duten punta zorrotzeko arku zuzenen gainean jasoa, Aguraingo koruan tertzelete-ganga nabarmentzen da.

Bizkaia eta Gipuzkoa

Gipuzkoari eta Bizkaiari dagokienez, aipatu bezala, kostako bi probintzia hauen hazkunde ekonomiko eta demografikoari esker, bertako arkitektura izugarri garatu zen. Garai gotikoan korronte berria kostako herrietan nabarmendu bazen, garai honetan barnealdeko herriak dira, batez ere, korronte horren eragina hartzen dutenak, bertako nobleziak estatuko administrazioan parte hartzen zuela baliatuz. Gauzak horrela, estilo honetako adibideak aurkitzen ditugun lehen herrian (Oñatin (Gipuzkoa) hain zuzen) jaio zen eraiki ziren eraikuntzen mezenas garrantzitsu bat: Rodrigo Mercado de Zuazola, Avilako gotzaina eta Gaztelako Gorteetako kontsultaria. Gipuzkoako herri honetako San Migel elizako klaustroa eta Errukineko kapera estilo errenazentistan eraiki ziren. Dena den, Bidaurretako monasterioa da Oñatiko erlijio-eraikuntza nagusia, komentu-elizen eskema klasikoari dagokionez, kontrahormen artean kapera baxuak dituelarik.

Iparraldea

Iparraldean ere, eliza txiki eta sinpleetan elementu gotikoen eta errenazentisten nahasketa izan zen nagusi, bereziki Zuberoako probintziako nekazaritza-eremuan eraikiak. Herrietako biztanleriak gora egiten zuenean eraikitzen ziren egurrezko galeriak eta hiru dorrez osatutako kanpai-hormak ziren (kanpandorre trinitario edo souletiar deituak) eliza hauetako bi elementu nagusienak. Halakoak dira Gotogeño, Undureiñe, Altzürükü eta Zalgizko elizak, eta aipatu kanpai-horma mantentzen dute.

Nafarroa

Lurralde honetan hiru portada adierazgarri aipa daitezke: Kaseda, Los Arcos eta Vianako elizetakoak. Azken horrek errenazimentuan egindako portada bikaina du, garaipenaren arkuarekin enkoadratutako exedra formakoa. Horiekin batera aipatzekoa da Tuterako moja domingotarren komentua eta gotzainaren jauregia, eta Leringo eliza, besteak beste.