Eraikuntza-elementuak
Erromanikoa X. mendearen bukaeran hasi eta XIII. mendera bitartean landutako arte- eta arkitektura-estiloa da. Honako hauek ditugu estilo horren ezaugarri nagusiak:
- Arkitektura honetako eraikinik esanguratsuenak elizak dira, batez ere erromesaldietako katedralak edo landa-eremuetako eliza txikiak edo ermitak.
- Leiho gutxi eta txikiak dituztenez, barrualdeak oso ilunak dira, eta otoitz egitera bultzatzen dute.
- Erdi-puntuko arkuak eta kanoi-ganga erdizirkularrak nagusitzen dira.
- Gurutze latindarreko oinplanoa dute. Bat eta hiru nabe bitarteko basilika-oinplanoak dira.
- Bat edo hiru abside erdizirkularreko goiburukoak dituzte.
- Eskulturen bidezko dekorazioa kapiteletan, arkuetan eta ataurreetan nabaritzen da.
- Margoen bidezko dekorazioa horma eta gangetan gauzatzen da.
- Harrizko horma sendoak dituzte, kanpoko aldetik kontrahormek eutsiak. Horma horiez gain, pilareak daude. Zutabe horiek goiko aldean kapitelak dituzte, eskulturaz apainduak batzuetan.
- Fatxadetan ateak ikus daitezke, eta ateetan arkiboltak eta janbak. Atearen gainean tinpanoa eratzen da. Hiru elementu horietan eskultura ugari agertzen dira.
- Fatxada nagusien gainaldean kanpandorreak jartzen dira.
- Habearte guztiak kanoi-gangaz estalita daude.
- Gehienetan, habearte (nabe) nagusi bat dute (gurutzearen besorik luzeenean), alboetako habearteak baino zabalagoa eta garaiagoa.




