Arkitektura zibila
Arkitektura zibilari dagokionez, garai horretatik mantentzen diren jauregi anitzez gain, lehen ospitaleak, unibertsitateak eta udaletxeak nabarmendu behar dira, gerra gutxiagoko eta bake-garai baten adierazgarri. Tipologia honen garapenak erakusten duenez, herrietako botere zibila erlijio-boterearen sareetatik askatzen ari zen eta berezko eremua aldarrikatzen zuen nola gizartean hala hirien osaeran. Garai honetan euskal baserriaren tipologia ere zehaztu zen; izan ere, egungo baserriaren arkitektura-ezaugarriak XV. mendearen amaieran ezarri zirela uste bada ere, garai honetakoak dira topatutako lehen adibideak.
Tipologia orokorrari dagokionez, jauregia izan zen eraikin hedatuena eta hainbat egitura mota izan zituen, nahiz eta erlijio-arkitekturan gertatu bezala, oinplano laukizuzenak eta apaingarri gabezia ziren irizpide nagusi. Halaber, defentsa-izaera desagertu zen eta dorreak, eguterak, heraldikak, burdin hesiak, angeluetako zaintza-etxolak, teilatu-hegalak, eta, batez ere, goialdeko solairuetan bao ederrak eta loggiak agertu ziren. Garai horretan Euskal Herrian bi jauregi mota hedatu ziren:
- trinkoa, barne ataririk gabea, atlantikoko isurialdean
- mediterraneo erakoa, barnean ataria duena, lurraldearen barnealdean
Dena den, Euskal Herriko arkitektura zibilari dagokion adibiderik adierazgarrienetako bat beste eraikin mota batean bilatu behar dugu, unibertsitatean, hain zuzen ere. Rodrigo Mercado de Zuazolak sortutako Oñatiko (Gipuzkoa) Sancti Spiritus unibertsitatean, Italiako errenazimentuko elementuak eta elementu gotikoak nahasten dira. Rodrigo Gil de Hontañoni trazagileari zor zaion eraikinaren diseinuak bi solairutako oinplano laukizuzena dauka, erdiko atari batekin eta angeluetan dorreak dituelarik. Ataria da eraikinaren elementurik garrantzitsuena eta bereizgarriena: zutabe korintoarren gainean sostengatzen diren bi arkuteria ditu solairutan antolatuta.
Euskal baserriari dagokionez, bere egitura Erdi Aroan aldatzen hasi bazen ere, garai honetakoak dira mantentzen diren lehen adibideak. Baserria bi isuriko estalkia duen tamaina handiko eraikina zen. Ordura arte, landa-ingurunean banaka eraikitzen ziren egurrezko eraikuntza multzo hauek (etxebizitza, ukuiluak, aletegia, garaia, dolarea) eta sasoi honetan guztia eraikin berean bateratu zen: lehenengo solairua harrizkoa izaten zen eta gainerako solairuak, egituraren sostenguak eta itxiturak, egurrezkoak.