Glosategia



  • Abside: elizetan, aldare nagusiaren atzeko zati biribil antzekoa.
  • Antso III.a Azkarra: Antso III.a Gartzes Nagusiak euskaldunen lurraldeak bere erreinura batzea lortu zuen (1000-1035). Sobrarbe eta Ribagortzako konderriak bereganatu zituen. Gaskoniako dukerria ere aldi batean Nafarroako Erresumari lotuta egon zen, Gaskoniako Antso Gilen dukeak Lapurdi eta Nafarroa Behereko zati bat eman baitzizkion zor baten ordainez.
  • Arkibolta: arku baten bihurgunearen inguruan arkuaren kanpoaldean apaingarri bezala jartzen den eraikuntza-atala. Ateetan eta leihoetan izaten da batik bat eta eraikuntza-ordena bakoitzean ezaugarri bereziak izaten ditu; irudi geometrikoak, landareak, gizakiak edo animaliak azaltzen dira. Erromanikoaren eta gotikoaren garaiko eraikuntzetan agertu dira arkibolta ederrenak eta aberatsenak.
  • Arkitektura Cluny-arra: Cluny monasterioaren inguruan abiarazi zen artearen eraberritzeak eragin handia izan zuen, ordura arteko molde erromanikoaren bilakaera gauzatu baitzuen.
  • Arkitektura erlijioso: erlijioaren mesedetarako egiten ziren eraikuntza edo tenpluei esaten zaio.
  • Arkitektura paleokristau: arkitektura paleokristaua, kristautasunaren eraginez Erromatar Inperioaren amaieran (313-527) izan zen arkitektura erlijiosoa da.
  • Arkitektura zibila: erlijioarekin zerikusia ez zuten eraikuntzei arkitektura zibila esaten zaie. Herritarren egunerokotasunaren mesedetan egiten ziren. Hor dauzkagu jauregiak, harresi militarrak, zubiak eta abar.
  • Arku zorrotz: ertzean angelua eratzen duten bi zirkunferentzia-arkuk osatutakoa.
  • Ateburu: atearen goiko aldea, alboek eusten dioten atal batek osatua.
  • Balaustrada: zurean edo harrian moldeatutako forma bat da, eta, batzuetan, metalean, balkoien edo terrazen karelaren amaierei edo eskailerei barandak eusten diena.
  • Barroko: XVI. mendean Italian sortu zen arte estiloa. Barrokoaren garaiko lanak apaindura ugariz hornitutakoak izaten dira; hori dute ezaugarri nagusia. Europa osora hedatu zen eta garrantzi handia izan zuen XVIII. mendera arte, arte klasikoak indar hartu zuen arte, alegia.
  • Basilika: Aita Santuak eliza batzuei emandako titulua.
  • Burgesia: Erdi Aroan sortu zen klase sozial berria. Gehienak hirietan bizi ziren merkatariak ziren.
  • Churrigueresko: Churriguereskoa Espainiako barroko berantean (XVII. mendearen bukaera-1750) hedatu zen arkitektura-moldea izan zen. Estiloaren izena Jose Benito Churriguera arkitektoarengandik jaso zuen.
  • Clunyko abadia: Clunyko abadia 910. urtean sortu zuen Akitaniako Gilen dukeak. Benito Santuaren arauak gorde behar bazituen ere, jauntxoengandik eta apezpikuengandik libre aritzeko eskubidea jaso zuen.
  • Donejakue bidea: Europako eta Ekialdeko milaka erromesek gaur egun Compostela inguruan dagoen Santiago apostoluaren ustezko hilobia bisitatzeko egiten zituzten ibilbideen multzoari esaten zaio.
  • Errenazimentu: Antzinateko Grezia eta Erroma eredutzat hartuta XV. mendean izan zen ideien eta arteen eraberritzea.
  • Erromaniko: Europako sartaldean X. mendearen bukaeran hasi eta XIII. mendera bitartean garatu zen arkitektura-estiloa
  • Estamentu: termino hau bereziki feudalismoan eta Antzinako Erregimenean gizarte-maila izendatzeko erabiltzen da. Sistema soziopolitiko horietan batetik nobleziaeta kleroa bezalako estamentuak zeuden. Gainontzeko guztiak hirugarren estamentua osatzen zuten, hau da, nekazariak, artisauak eta burgesak.
  • Frantziako Iraultza: 1789an hasi eta Napoleonen 1799ko estatu kolpera bitartean Frantziako egitura soziala, politikoa, juridikoa eta erlijiosoa irauli eta Erregimen Zaharra amaitu zuen gertaera multzoa.
  • Frontoi: arkupe, aurrealde edo leiho baten goialdea, hiruki formakoa edo erdizirkularra.
  • Gargola: ostiko-arkuen bidez euria kanporatzeko ubideen irtenuneak dira.
  • Gezileiho: defentsa-horma batean barnerako, kanporako nahiz bi aldeetarako zeihartasun edo isuria eginez irekitzen den leiho luze eta estua.
  • Girola: fededunak ibil daitezkeen aldare nagusia inguratzen duen gunea da; arkitektura erromanikoko elementu bereizgarria da, ondoren, gotikora hedatu zena.
  • Gotiko: XII. mendean Europan sortu eta Errenazimentura arte (XVI. mende ingurura arte) luzatu zen arte-estiloa.
  • Gurutzadak: Erdi Aroan kristauek Jesusen hilobia eta Leku Santuak mahomatarren mendetik askatzeko egindako gerra espedizioa.
  • Gurutze-ganga: arku zorrotzeko bi ganga perpendikular gurutzatzen direnean sortzen den ganga.
  • Habearte: habe edo pilare arteko hutsunea.
  • Hamarren: lurraren emaitzetatik Elizari (edo erregeari, jaunariā€¦) eman behar zitzaion zatia.
  • Kanoi-ganga: elkarren paralelo diren bi hormaren arteko espazioa estaltzen duen ganga, zilindro erdiaren itxurakoa.
  • Kapitel: zutabe eta antzekoen goi aldeko elementua, arkitrabeen eta arkuen euskarri izateko ezartzen dena. Arkitektura-estiloen bereizgarria da, garai klasikoetan batez ere.
  • Katedral: apezpikuaren egoitza den edo gotzain-aulkia duen tenplu kristauari esaten zaio.
  • Korintoar ordena: arkitektura-ordena klasikoetatik dotoreena eta apainduena da; haren sorreraren meritua Kalimako greziar eskultoreari ematen zaio, K. a. IV. mendean.
  • Kubiko: hexaedro- edo kubo-itxura duena.
  • Logia: galeria edo arkupe bezala funtzionatzen du, eta gutxienez bere alboetako batetik erabat irekita dago, zutabeek eta arkuek eutsia.
  • Modiloi: harrizko, metalezko edo zurezko elementua, kanpora aldera irteten da, erlaitz bati edo arku baten abioari eusteko izaten dena.
  • Monarkia absolutu: XVII. mendetik aurrera izan zen gobernu era bat da. Estatuaren aginpide guztiak erregeen esku geratzen ziren; beraz, betiko erakundeak, gorteak edo parlamentuak ez zuen parte hartu estatuaren gobernuan.
  • Nabe: ik. habearte.
  • Ojiba-arku: elkar ebakitzean arku zorrotz bat eratzen duten bi zirkunferentzia-arkuz osatuta dagoena.
  • Ordena doriko: Antzinako Greziako arkitekturan erabili ziren hiru ordena klasikoetako zaharrena. Koloma doriarrak ez du basarik, 8 moduluko altuera izan ohi du eta ginbela oso sinplea da.
  • Ordena joniarra: kronologikoki, arkitektura-ordena klasikoetatik bigarrena izan zen, jatorria K. a. VI. mendean izan zuen, Asia Txikiko mendebaldeko kostan.
  • Pinakulu: kontrahormen gainean kokatzen dira; gorako sentsazioa ematen dute.
  • Presbiterio: eliza kristauetan, apezpikuarentzako eta apaizentzako leku berezia, aldare nagusiaren atzealdean. Han izaten dituzte apezpikuak aulkia eta apaizek eserlekuak, eta baranda edo hesi batez inguratuta egoten da gehienetan.
  • Erdi-puntuko arku: zirkunferentzia-erdiak osatutakoa.
  • Salomonen zutabea: fustea kiribilduta duen zutabea. Hala esaten zaio Erromako San Pedro elizan dagoenari, kondairak dioenez, Salomonen tenpluan baitzegoen; hala esaten zaie haren gisako guztiei ere.
  • Tinpano: frontoi bateko ateburuaren eta alboetako bi erlaitzen artean dagoen gunea, triangelu edo zirkuluerdi formakoa, askotan eskulturaz apaindua izaten dena.
  • Tranpantojo: begiari egiten zaion tranpa.
  • Triforio: eliza erromanikoetan eta gotikoetan barnearen erdialdeko hormetan irekitako hiru leiho, pasabide mehar bat inguratzen dutenak. Batzuetan triforioa itsua da, leihoen atzean pasabiderik ez baitago.
  • UNESCO: UNESCO edo United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization hezkuntzarako, zientziarako eta kulturarako Nazio Batuen erakundea da. UNESCOren helburu nagusia hau da: bakea eta segurtasuna lortzea hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren bidez. Munduko herrialde pobreetan ikastetxeak egiten laguntzen du; liburuak ere argitaratzen ditu eta literatura eta hizkuntza gutxituak sustatu.
  • Zutabe: eraikin baten euskarri zuta, gehienetan zilindro formakoa. Zutabe bakartu batek osatzen duen oroitarria.