Gida didaktikoa



Euskal Herria eraikitzen artea eta arkitekturaren gaineko ikasmateriala da, berez 12tik 16 urtera bitarteko ikasleei zuzendua, baina aldi berean beste adin batzuetako erabiltzaileentzat ere interesgarria izan daiteke. Ikasmateriala Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Eskola 2.0 web-orrian zintzilikatu da, hezkuntza-komunitateak edota interesa lukeen beste edonork eskura izan dezan.

Irakaskuntzarako lagungarri izateaz gain, Euskal Herria eraikitzen izeneko gunearen xedea Europa guztian zehar X. mendetik XVIII. mendera bitartean garatu ziren arte-adierazpen esanguratsuenen lehen hurbilketa izatea da. Era berean, horiek Euskal Herriko arkitekturaren diziplinan edukitako eragina aztertzeko erreminta eskaini nahi zaie ikasleei. Hemen aurkezten dugun arte-ibilbideak erromanikotik barrokora euskal arkitekturak izandako garapenean zehar bidaiatzeko aukera ematen du; betiere arte-adierazpenak garai, estilo eta testuinguru historiko batean kokatu behar direla jakinik. Hor dauzkagu, esaterako, kristauek eraikitako eliza eta katedralak (Donejakue bidean, Eunaten, Getarian, Bilbon eta Gasteizen); eta Errenazimentuan eta Barrokoan loiolatarrek, Gebaratarrek eta Nafarroako indianoek eraikitako jauregi eta dorretxeak.

Helburu horiek lortzeko gunea modu atsegin eta entretenigarrian aurkezten da, kalitatezko edukiak eta material erakargarria modu interaktiboan landuz.

Gune honen erabiltzaileak Euskal Herrian dauden artelan arkitektoniko nagusienetan barne bidaiatzeko parada du. Zenbait gidoi lagun dituela, artelan horiek modu kritikoan aztertzeko eta irakurtzeko gai izango da, bide batez, herriko arte-ondarea balioesten ikasiko du, iraganeko garaiak ezagutzeko modu paregabe izanik.

Ikasmaterial honek landuko dituen garapen-ildo nagusiak hauek dira:

  • Ea ezagutzen dituen arte erromanikoko, gotikoko, errenazimentuko eta barrokoko artelanak.
  • Ea gai den, zenbait gidoi lagun dituela, Euskal Herrian, gainerako Iberiar penintsulan eta Europan dauden hainbat artelan nagusi aztertzeko.
  • Ea alderatzen dituen estilo erromanikoko, gotikoko, errenazimentuko eta barrokoko artelanak, eta haien arteko berdintasunak eta desberdintasunak hautematen dituen.
  • Ea gai den hainbat iturritan informazioa bilatzeko, besteak beste, zuzenean behatuta edota Internet bidez; eta gunean aztertzen diren arte-estiloetako lanak horien egunerokotasunean ezagutzeko.
  • Ea balioesten dituen iturri horiek, dokumentu gisa, iraganeko garaiak ezagutzeko eskaintzen duten historia- eta arte-aberastasuna atzemateko; eta ea aberastasun hori zaintzearen eta babestearen aldeko jarrera erakusten duen.

Helburu orokorrak

Hauek dira Euskal Herria eraikitzen ikasmaterialaren helburu nagusiak:

  • Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste kulturetako arte-adierazpen garrantzitsuenak ezagutzea eta balioestea, gizadiaren arte-garapenari kultura guztiek egindako ekarpenak aintzat hartu eta balioestearren.
  • Euskal Herriko artelan arkitektoniko esanguratsuenak ezagutzea eta horiek garai, estilo eta testuinguru jakin batean kokatzen jakitea.
  • Hainbat iturritako informazioa zorroztasunez bilatzea, aukeratzea eta erlazionatzea.
  • Arkitektura-lanak modu kritikoan balioestea.
  • Arte-estiloak bereiztea eta arkitektura-elementuak ezagutzea.
  • Artea eta estiloak testuinguru historikoetan kokatzen jakitea.
  • Talde-lanak egitea eta gaur egungo gizarte-errealitateari buruzko debateetan parte hartzea, jarrera ekintzaile, eraikitzaile, kritiko eta tolerantez, eta partaidetza horren xedea talde-laneko teknikak eskuratzea eta gizartean egoki integratzea izanda.

Gune honetarako prestatu den materiala Heziberri 2020, hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan oinarritu da. Ikaslearen errealitate eremua kontuan izatea komeni delako eduki orok esparru akademikoa ez ezik esparru pertsonala, soziala eta profesionala ere kontuan izan ditu. Ikasmateriala eremu horietara egokitzen dela bermatu da.

Curriculumaren erreferentziak OCDn

Euskal Herria eraikitzen osatzen duen ikasmateriala Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 2. mailako Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia ikasgaiko ezaguerak garatzeko material didaktiko digital gisa aurkezten da.

Aurkezten diren erreminta digitalei esker, ikasleei, edo gaian interesa duen edonori, X. mendetik XVIII. mendera Europa guztian zehar garatu ziren arte-adierazpen esanguratsuenen lehen hurbilketa egin eta horiek Euskal Herriko arkitekturaren diziplinan edukitako eragina azaltzen zaizkio.

Gune honen erabiltzaileak Euskal Herrian dauden zenbait artelan arkitektoniko nagusienetan barna bidaiatzeko parada du. Zenbait gidoi lagun dituela artelan horiek modu kritikoan aztertzeko eta irakurtzeko gai izango da, bide batez, arte-ondarea balioesten ikasiko du, iraganeko garaiak ezagutzeko modu paregabe bezala.

Hain zuzen ere, irakasgai hori osatzen duten gai multzoak oso lotuta daude eduki komunekin:

Eduki komunak:

  • Aldiak, kulturak eta zibilizazioak, gertaera historikoak, datuak eta tokiak denboran eta espazioan kokatzeko jarraibideak
  • Aldaketa-prozesuei erreparatzeko jarraibideak.
  • Hainbat artelan mota irakurtzeko eta interpretatzeko jarraibideak, horien testuingurua kontuan hartuta.
  • Garai desberdinetako arte-estiloen oinarrizko elementuak hautemateko jarraibideak, zuzenean zein zeharka aztertuta.
  • Euskal, espainiar eta europar eremuetako lan esanguratsuenen interpretazioa, bakoitza bere kultura-testuinguruan.
  • Garai eta kultura desberdinetako zenbait artelanen konparazio-analisiak egiteko eta haien arteko berdintasunak eta desberdintasunak hautemateko jarraibideak.

Euskal Herria eraikitzen ikasmaterialak, hala ere, zeharkako izaera eduki nahi du, lantzen dituen edukiak ikasleek beste gaietan eta haien eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezen.

Ikasmaterialak honako gaitasun hauek garatzen laguntzen du:

  • Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna.
  • Informazio-iturriak ezagutzea eta horiek alderatzea; eta informazioa modu kritikoan barneratzea edo aztertzea.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa lantzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna: hainbat estilotako eraikinak modu kritikoan irakurtzeko ahalmena.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.

Materialak erabiltzeko testuinguru metodologikoa

Lan egiteko metodologia irakasleak berak erabakitzen duenaren arabera izango da:

  • batetik, gunea ikasleak bakarka, taldean edota elkarlanean aritzeko prestatuta egongo da; betiere, denen partaidetza aktiboa eskatuz bai irakasle/ikasle artean nahiz ikasleen beraien artean ere.
  • bestetik, guneak irakasleen rol aldaketa ahalbidetuko du, gidari baino gehiago gune orientatzailea bihurtzen baita; horrela, ikasleak ikasteko metodologia berriez jabetuko dira eta ikasketa-ohituretan independente izaten heziko dira. Ikasmaterialeko atal guztiak (edukiak, jarduerak, bibliografia, lotura interesgarriak, laguntza eta abar) une oro eskuragarri edukiko ditu erabiltzaileak, pantaila guztietan agertuko den goiburu- eta eduki-menuari esker; horrela eduki batetik bestera nabigatzeko aukera edukiko du.

Gunearen oinarria elkarreragiketa da. Ikasleentzako erakargarria eta motibagarria izan dadin, eduki ezberdinen arteko lotura eta nabigazioa ahalbidetuko du guneak; horrez gain, ikasitako eduki teoriko guztiak garatzeko aukera luzatuko du.

Euskal Herria eraikitzen ikasmateriala, hezkuntzan erabiltzearen abantailak honako hauek dira:

  • Ikaslea protagonista bihurtzen da.
  • Ikaslearen motibazioa areagotzen da.
  • Ikaslearen autonomia, independentzia eta ardura bultzatzen du.
  • Informazioaren partekatzea sustatzen du.
  • Ikasleen arteko talde-lana piztu eta parte-hartzea bultzatzen du.
  • Ikasleen idazkera eta adierazpena garatzen ditu.
  • Ikaslea teknologia berrietan murgiltzen da eta gaurkotasunera moldatzen du.
  • Ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa areagotzen du.
  • Ikasteko modu berriak eskaintzen ditu.
  • Sormena eta berrikuntza sustatzen ditu.

Horrekin guztiarekin ikasleak Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia ikasgaiekiko duen interesa eta motibazio-maila areagotuko dugu, egunero ikasitako kontzeptu eta ezagutzak garatzeko aukera izango duelako, era atsegin eta entretenigarrian; betiere, kalitatezko edukiak landuz.

Barne-egitura eta nabigazioa

Euskal Herria eraikitzen ikasmaterialaren abiapuntua hainbat edukien arteko nabigazioa eta elkarreragiketa da. Horrela, ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan zehar nabigatzeko aukera izango du, atal guztiak elkarren artean elkarloturik baitaude. Ikasleak arte-estiloetan, horien testuinguruan eta artelan nagusienen oinarrizko ezagutzan murgilduko dira, beraientzako erabilgarriak diren datuak eta kontzeptuak eskuratuz.

Pantaila hiru zonalde nagusitan banatuta dago:

  • Goiburuko menua: eduki osagarrietara ematen du sarrera (Gida didaktikoa, Glosategia, Loturak, Laguntza, Bibliografia, ...)
  • Edukien menua: ezkerraldean kokatua, ikasmaterialaren atal bakoitzeko edukietara, haien azpiataletara eta jarduera-mota ezberdinetara joateko aukera ematen du. Programaren ildo nagusiak lau unitate teoriko bidez antolatuta daude. Bertan edukiak lagungarri didaktikoak izango diren irudi, bideo, hausnarketarako ariketa eta hainbat ahalmen teknikoen bidez aurkezten direlarik. Modulu horiek eskema finkoa dute eta atal ezberdinez banatuta daude: testuinguru historikoa, estiloaren azalpena, erlijio-arkitektura, arkitektura zibila, eraikuntza-elementuak eta eraikin-galeria. Planteamendu interaktiboari esker, ikasleak, ikasten doan neurrian, atzera egiteko edo beste bide batetik joateko aukera izango du.
  • Erdialdeko zonaldea, edukiak (argazkiak, testuak, ariketak, ...) jasoko dituena.

Aldi berean, elkarreragiketarako aukera bideratzen du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa bateratzen dituen sekuentzia didaktikotan banatuta baitago:

  • Alde batetik programaren ildo nagusiak lau moduluren bidez antolatuko dira, bertan edukiak lagungarri didaktikoak izango diren irudi, grafiko, infografia eta hainbat baliabide teknikoren bidez aurkeztuko dira. Planteamendu interaktiboari esker, ikasleak, ikasten doan neurrian, atzera egiteko edo beste bide batetik joateko aukera izango du.
  • Bestetik, edukiak era praktikoan lantzeko jarduera entretenigarriak eta dibertigarriak egongo dira; horrela ikasleak auto-ebaluatzeko modua izango du; jarduerok ikasleak kontzeptuzko edukiak noraino ulertu dituen ikusteko modu egokia eta berehalakoak izango dira. Jarduerak bi atal nagusitan banatuko dira:
    • alde batetik, unitate horretako kontzeptuzko edukiak noraino ulertu dituen ikusteko modu egokia izango diren zortzi galderaz osatutako testak daude.
    • bestetik, ikasitako kontzeptuak praktikan jartzeko talde-dinamikak prestatu dira; erreminta horiek norberaren aisia-jardueretan erabil daitezkeela eta kultura- eta natura-ondarean oso baliagarriak izan daitezkeela ikusiko du erabiltzaileak.

Gunearen beste ezaugarriak:

  • Testu-edukiekin batera multimedia baliabideak (argazkiak, ilustrazioak eta bideoak) ere erabiliko dira, azaldutako kontzeptuak ulertzea errazteko asmoz. Hain zuzen ere, eraikuntza-elementuak .gif formatuko irudien bidez azalduko dira; eta eraikinen galerian arte-estilo arkitektoniko bakoitzeko etxean ekoiztutako bideo bat gehituko da.
  • Gune guztian zehar Bilaketen leihatila erabilgarri edukiko du ikasleak. Atal horren bidez, guneko eduki guztiaren gainean iragazketak edo bilaketak egiteko aukera egongo da.
  • Bestalde, ikasleak une oro eskuragarri edukiko ditu Bibliografia, Glosategia, Lotura interesgarriak eta Laguntza informazio gehigarriak

Gune honetako bideoak, argazkiak eta materialak guztiak honako lizentziak babesten ditu: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License.

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkeztuko dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimaketarako prestatua (PDF formatua).

Kredituak

  • Ideia eta koordinazioa: Leire Mitxelena Erice
  • Jatorrizko gidoia: Leire Mitxelena Erice
  • Hizkuntza aholkularitza: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Diseinu grafikoa: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Irudi grafiko eta bideo ekoizpena: Andres Espinoza Alvarez

Euskomedia fundazioa
Ikasmaterial honek 2016ko maiatzaren 3an Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena jaso du.