Errenazimentua



Aro Modernoa deritzogu 1492an Amerikako kontinentearen aurkikuntzarekin hasi eta 1789an Frantziako Iraultzarekin amaitu zen historiako garaiari. Lau mende horietan zehar, sistema feudalaren ordez, ordura arte nobleen eta elizaren kontrolpean zegoen boterea monarkiek bereganatu zuten eta azken horiek zenbait erakunde antolatzen hasi ziren. Aldi horietan protagonismo nagusia hiriek edukitako bultzadak izan zuten: jarduera ekonomiko nagusiak antolatzeaz gain, sormen kulturalerako eta artistikorako gune bilakatu ziren, behin betiko.

Dena den, aldaketak ez ziren politikoak eta ekonomikoak soilik izan. Amerika kontinentearen aurkikuntzari aldi honetako bizimodua errotik aldatu zuten beste asmakuntza eta aurkikuntza batzuk gaineratu behar zaizkio, hala nola Astronomia, Fisika, Mekanika edo Filosofia. Kulturari dagokionez, Aro Modernoan bi mugimendu izan ziren: lehenik Errenazimentua, XV. eta XVI. mendeetan zehar eta, geroago, Barrokoa, XVII. eta XVIII. mendeetan.

Errenazimentuan, gizakia abiapuntutzat harturik kulturaren eta artearen ikuspuntu berri bat sortu zen; Erdi Aroko ikuspuntutik atera (garai hark Jainkoa eta Eliza zituen ardatz, nahiz eta gotikoa jadanik gizakiari begira jarri zen), eta Grezia eta Erromako antzinatasun klasikoaren ereduari begira jarri ziren. Modu horretan arteak naturalismoa eta errealismoa, harmonia eta proportzioa berreskuratu zituen.



IhardunBideoak