Gotikoa



Gotikoa XII. mendean garatu zen Europan eta mugimendu horrek erromanikoa ordeztu zuen. Europan sortu zen gizarte mota berriagatik jaio zen gotikoa. Izan ere, Erdi Aroko bigarren arte-aro horretan, Euskal Herriak, Europa osoak bezala, garapen ekonomiko handia izan zuen, artisautzaren eta merkataritzaren pizkundeari esker.

XIV. mendetik aurrerako garapen ekonomiko horrek biztanleriaren hazkunde handia ekarri zuen noski, baita hiriak indartzea eta hiribilduak sortzea ere. Jakina, hiria eta burgesia"Erdi Aroan sortu zen klase sozial berria. Gehienak hirietan bizi ziren merkatariak ziren.", hau da, garai horretan indartu zen klase sozial berria, gizartearen oinarri berria bilakatu ziren. Garai horretan hasi zen beheraka sistema feudala. Berez, sistema feudalaren gainbehera hasi zenean, monarkiek ederki baliatu zuten abagunea, haien boterea handitzeko eta erresuma zabalagoak osatzeko.

Elizak ere erantzun egin behar zion egoera berriari. Kultura mugimendu berria sustatu zuen, erromanikoa ordezkatzeko eta sortzen ari zen gizarte berrira egokitzeko. Gizarte berri hori hiritarra zen batez ere, eta erromanikoaren proposamen soilen eta zorrotzen aurrean, bestelako lengoaia eskatzen zuen, herriarengandik hurbilagoa, zuzenagoa, gizatiarragoa eta naturalagoa. Fedearen eta predikazioaren alorrean, Elizak monasterio-ordena berriak sortu zituen, ordena irekiagoak eta klase sozial berriei nahiz mentalitate berriei egokituagoak.

Garai horretan, Euskal Herriak aldaketa garrantzitsuak ezagutu zituen, nahiz eta era desberdinetan gauzatu. Izan ere, Nafarroako Erresuma gainbehera-prozesu batean sartu zen, eta azkenean 1515ean Gaztelako tropek konkistatu egin zuten lurralde hori. Araban ere atzerakada handia gertatu zen, lurraldearen garapena gelditu egin zen poliki-poliki. Bizkaia eta Gipuzkoa, aldiz, euren aurrerakada ikusgarriagatik nabarmendu ziren. Itsasertzeko bi lurraldeek gora egin zuten, burdina-mearen ustiapenari, arrantzari eta Gaztelako produktuekin Ipar Europarekin egindako merkataritzari esker.



IhardunBideoak