Eraikin galeria

Eraikinaren izenaSan Adrian markesaren jauregia. Tutera (Nafarroa)
Estiloa / GaraiaErrenazentista, XVI. mendea
Eraikinaren funtzioaArkitektura zibila
DeskribapenaNafarroako Errenazimentuko arkitektura zibilean eraikitako obra gorena da. Adreiluz egindako eraikin monumentala da, eta bi solairu eta galeria-atikoa ditu. Eraikinaren aurrealde soilaren goialdean egurrezko teilatu-hegal ikusgarria dago, oso apaindua. Esteban de Obray da ustezko egilea. Adreiluz eraikitako aurrealde soila ez ezik, argien patioa eta egurrezko teilatu-hegal ikusgarria ere nabarmentzen dira. Dena den, eraikinaren erakargarri nagusia jauregiaren esparru nobleenera eramaten duen antzinako eskailera da, fresko errenazentista ederrak dituelako.
Bideoa



Eraikinaren izenaEskoriatza-Eskibel jauregia. Vitoria-Gasteiz (Araba)
Estiloa / GaraiaErrenazentista, XVI. mendea
Eraikinaren funtzioaArkitektura zibila
DeskribapenaFernan Lopez Eskoriatza jaunaren, Ingalaterrako Henrike VIII.aren medikuaren eta haren emazte Victoria Anda Eskibel anderearen aginduz eraiki zuten XVI. mendearen erdialdean. Euskal Herrian, arkitektura zibil errenazentistan dugun adibiderik bikainenetakoa da.
Landugabeko harriz eraiki zuten ia osorik. Arkuteria bikoitza duen patio karratu batek inguratzen du. Bi solairu ditu baina hiru alde eta eskailera bat baino ez ditu. Zutabeetako kapitelek eta medailoiek apaingarri ugari dituzte. Plaza txiki batera jotzen duen fatxada nagusia platereskoa da eta jabearen eta emaztearen bustoak ageri ditu.
Bideoa



Eraikinaren izenaSancti Spiritus unibertsitatea. Oñati (Gipuzkoa)
Estiloa / GaraiaErrenazimentua, XVI. mendea
Eraikinaren funtzioaArkitektura zibila
DeskribapenaEuskal errenazimentuko arkitektura zibilaren eredu bikaina da. XVI. mendean eraiki zuten Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainaren aginduz. Aurrealde dotorea dauka. Barruan, klaustroa eta Pierres Picart eskultore frantziarrak egindako erretaula platereskoa nabarmentzen dira.
Oñatin XVI. mendean mugimendu handia zegoen. Gauzak horrela, nahikoa izan zen gizon bakar bat, Rodrigo Mercado de Zuazola apezpikua, Gipuzkoako eraikin historikorik esanguratsuenetariko bat eraikitzeko. Era horretan sortu zen Sancti Spiritus unibertsitatea, Teologia, Kanonak, Legeak eta Medikuntza irakatsiko zituena.
Ezinezkoa da kobre-koloreko tonuen aurrealdean ez geratzea bere xehetasunak aztertzeko, gargolak, gudariak eta Herkules moduko pertsonaia mitologikoak ikuskatuz; ezinezkoa klaustroko arkuetatik ibiltzea medailoien xehetasunetan erori gabe; pentsaezina eraikinaren bigarren solairurako sarbidea apaintzen duen mudejar kasetoidurarekin ez harritzea edo kaperako erretaularekin ez ikaratzea, Pierres Picarten lana, non San Miguel itxura ankerreko deabru bat hiltzen ikus daitekeen.

gureGipuzkoa
      

Gomezdegomera



Eraikinaren izenaBolo baserria. Barrundia (Araba)
Estiloa / GaraiaErrenazimentua, XV. eta XVI. mendeetako etxebizitza
Eraikinaren funtzioaArkitektura zibila
DeskribapenaBolo baserria XV. eta XVI. mendeetako etxebizitza da eta defentsarako arkitekturaren adierazgarri ederrenetako bat dugu. Eraikina bi zatitan dago banatuta: dorrea (XV. mendekoa) eta jauregia (XVI. mendekoa). Euskal Herriko nekazaritza-eremuetako herri-arkitekturaren eraginak eta Behe Erdi Aroko elementuak batzen ditu.
Harlangaitza eta harlandua nabarmentzen dira leiho eta eraikinaren izkinetan, eta zura eta adreilua baserriaren goiko solairuan.
Dorreak egitura trinkoa du, defentsarako eraiki baitzen, baina aldi berean leiho ugari ere baditu. Jauregiaren beheko solairuak arkupea dauka eta hareharrizko bost zutabek eusten diete habeei.

Xabier Armendaritz
      

Xabier Armendaritz



Xabier Armendaritz



Eraikinaren izenaSasiolako komentu-ospitalea. Deba (Gipuzkoa)
Estiloa / GaraiaErrenazimentua, XVI. mendea
Eraikinaren funtzioaErlijio-arkitektura
DeskribapenaXVI. mendearen hasieran Itziarren santutegiaren ondoan komentu bat eraikitzen saiatu zen San Francisco de la Observancia izeneko frantziskotarren lagundia, baina garai hartako agintari erlijiosoak aurka jarri zitzaizkion eta frantziskotarrek atzera egin behar izan zuten.
Antzinako komentutik, klaustroaren, ospitalearen eta elizaren hondarrak mantentzen dira oraindik. Kanpai-hormadun tenpluak nabe bakarra du, eta hiru zatitan banatuta dago. Kanpotik kontrahormek eta ostiko-arku batek sendotzen dituzte zati horiek.
Barruko aldean, berriz, XVII. mendean intxaurrondo egurrez egindako erretaula da elementurik nabarmenena. Oso ondo gorde dute, eta San Frantziskoren bizitzaren eszenak ikus ditzakegu bertan.

Oier Araolaza
      

Oier Araolaza



Eraikinaren izenaSan Telmo museoa. Donostia (Gipuzkoa)
Estiloa / GaraiaErrenazentista.
Eraikinaren funtzioaErlijio-arkitektura
DeskribapenaOinplano laukizuzeneko eraikin multzoa hiru zati oso ezberdinek osatzen dute: elizak, klaustroak eta komentuak. Sarrerako atea, lehen solairutan, erdi-puntuko arkuak osatzen du alboetara bi zutabe korintoar dituela. Fatxadari amaiera emanez armarria dago. Elizak gurutze latindarreko oina du, gurutzadura lauki zuzena da presbiterio inguruan eta izar tankerako gurutzadura gangez dago estalia, tertzeleteekin eta lotune makotuekin. Antzinako komentuaren berezitasunetako bat klaustroaren kokalekuan datza: ohikoena elizaren alboan kokatuta egotea baita, baina kasu honetan eta mendiaren hurbiltasuna dela eta, mendiaren oinean altxatu zen.

Andrés Espinoza
      

gureGipuzkoa



Eraikinaren izenaAltzürükuko eliza. Altzürüku (Zuberoa)
Estiloa / GaraiaErrenazentista
Eraikinaren funtzioaErlijio-arkitektura
DeskribapenaHerrian dagoen elizak Trinitario edo Souletiar izenaz ezagutzen den kanpandorrea dauka, hau da, hiru dorrez osatutako kanpai-hormak, Zuberoa aldean oso ohikoa dena garai horretako elizetan. Beste elementu esanguratsua eliz barruko egurrezko galeria da, Iparraldeko eliz askotan oso ohikoa izan ohi dena.

Gerard
      

Gerard



Eraikinaren izenaJasokundeko Andre Mariaren eliza. Bastida (Araba)
Estiloa / GaraiaErrenazentista, XVI-XVIII. mendeak
Eraikinaren funtzioaErlijio-arkitektura
DeskribapenaEliza hau XVI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zuten herriko plazan. Estilo errenazentista eta barrokoa uztartzen ditu. Kanpotik hiru zati ezberdin ditu: dorrea, eliza eta sakristia berria.
Eliza-ataria da tenpluaren elementurik nabarmenena, XVII. mendeko arkitekturaren berariazko altxorra. Errenazentista da eta garaipen arku baten azpian dago. Garaipen arku horrek pilastrak ditu alboetan eta hiru zatitan bereizitako arku erdizirkular handi bat dago pilastra horien artean. Ate bikoitz bat dago beheko aldean.
Barruan erretaula nagusia gailentzen da, barrokoaren adibide bikaina. Koruan, berriz, XVII. mendeko organo bat dago.

Gonzalo Bacigalupe
      

Peña