Arte errenazentista

Garai horretan garatu zen estilo artistiko berriari Errenazimentu deitu zitzaion; izan ere, helburu nagusia ez zen izan Antzinako Grezia eta Erromako eredu klasikoak birsortzea soilik, kulturaren ardatza ere aldatu nahi zen, eta dimentsio jainkotiarraren ordez dimentsio gizatiarra finkatu. Ikuspuntu kronologiko batetik, funtsean Italian zabaldu zen, XV. mendearen bigarren erdialdetik XVI. mendera arte, Leonardo da Vinci (1452-1519), Rafael (1483-1520) eta Miguel Angelen (1475-1564) obra gorenekin.

Honako hauek izan ziren estilo honen ezaugarri nagusiak:

  • Antzinako Greziako eta Erromako artelanen eragina
  • Hirugarren dimentsioaren (perspektiba) aurkikuntza
  • Natura behatzeko eta irudikatzeko interesa
  • Gai berriak, hala nola, erretratuak eta mitologiako gaiak
  • Gizon-emakumeak biluzik irudikatzeko joera

Ezinbestekoan, errenazimentuko ereduak Italiatik iritsi ziren, baina, estilo erromanikoa eta gotikoa ez bezala, errenazentista ez zen horren homogeneoa izan eta eredu ugaritasun eta aniztasun handiagoa izan zuen arte adierazpenean.



Arkitekturako bilaketa arrazional eta utopikoaren adibidea. Jacques Androuet du Cerceau. Grabatua.


Euskal Herria eta errenazimentua

XVI. mendea hazkunde demografikoaren mendea izan zen; batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleria hazi egin zen. Hazkunde demografikoarekin batera, ekonomiak ere gorantz egin zuen, labore-lurretako produkzioa hazi eta arrantza, itsas garraioa eta industria ere bizkortu egin baitziren. Izan ere, euskal lurraldeetako ontziekin hornitzen ziren Gaztelako itsas armadak, eta, Flandes nahiz Ameriketarako joan-etorri komertzialetakoak ere bai.

Erabateko hazkunde horren ondorioz emigrazioa ere asko handitu zen. Baina bueltan ere asko izaten ziren Euskal Herrira itzultzen zirenak, eta kanpoko diruak eta ideiak ere ekarriz.

XVI. mendean hasi zen euskal lurraldeetan Ameriketako urrearen eragina nabaritzen. Horrekin batera, Italiako estilo Errenazentista ere iritsi zen. Baina Errenazimentua berandu sartu zen Euskal Herrian; izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi. Horrenbestez, Errenazimentuak mende horren azkenaldian izan zuen presentziak, funtzio apaingarri eta sinbolikoa baino ez zuen izan. XVII. mendean, Errenazimentuaren garapena hasi zen. Errenazimentua denbora gutxian egon bazen ere gure artean, estilo horretan arte-adierazpen garrantzitsuak sortu ziren eta ez bakarrik arkitekturan; eskulturan ere nabarmendu zen Errenazimentua.

Eliza berri asko egin zen, zabalagoak eta toki erosoagotan eraikitakoak. Gehienetan eliza berri horiek estilo gotikoan egiten jarraitu zen, baina, hala ere, nabarmena da platereskoaren forma eskultoriko berrien eragina, elizetako portada, erretaula eta hilobietan antzeman daitekeena. Elizekin batera, arkitektura zibileko obrak aipatu behar dira, jauregi eta udaletxeetan gorputz hartzen zutenak. Horien eredu nagusia gure artean OƱatiko Unibertsitatea da.