Arte barrokoa

XVI. mendearen bukaerako eta XVIII. mendearen hasierara bitarteko arteari esaten zaio barrokoa. Barroko izena barrueco hitz portugesetik dator eta "perla irregularra" esan nahi du. Mespretxuz erabili zen XIX. mendean eta pentsatzen zuten Errenazimentuaren luzapena zela eta gehiegizko dekorazio hura sormen falta ordezkatu nahi zuela. Gaur egun estilo originala kontsideratzen da.

Barrokoaren bitartez, sentimenduaz eta zirraraz baliatuz, herritarrarekin harreman zuzena izatea bilatzen zuen estilo berria sortu zen. Gortearen eta herritarren nahimenetik gertuago zegoen proposamen artistikoa garatu nahi zuten artistek. Arte dinamiko eta adierazgarri hura estilo heterogeneoa bilakatu zen, pentsamendu eta gustu garaikidearen aurrekari izango zena. Barrokoa mugimenduaren artea da.

Errenazimentuan oreka, arrazoinamendua, edertasuna gustatzen zitzaien bezala, barrokoan errealitatea eta egunerokotasuna gustatzen zitzaien. Era berean, monumentaltasuna edota luxua interesatzen zitzaien. Azken finean, ezaugarri horiek boterea eta autoritatea islatzen zuten, hau da, nazioaren, erregearen edo Elizaren handitasuna.

Euskal Herria eta Barrokoa

Euskal Herrian barrokoa XVII. mendearen amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai horretan arkitektura diziplina artistiko garrantzitsuena zen, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean, garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen. Beste behin, errenazimentuarekin gertatu zen moduan, estilo barrokoak ibilbide laburra izan zuen euskal lurraldeetan.

Hausnar dezagun!


Ondo begiratu Erromako Sant'Ivo alla Sapienza elizari eta komentatu zein ezaugarri ikusten dituzun aurreko estilo arkitektonikoetan agertu ez direnak.