Arkitektura barrokoa

Arkitektura barrokoak hautsi egin zuen Errenazimentuak zeukan edertasunaren eta harmoniaren kontzeptua. Eraikinak, orain, harmonia baino gehiago zirrara sorrarazi nahi zuen.

Arkitekturaren elementu guztiak Erromatarren klasikotasunetik jaso ziren Errenazimentuko artistek erabilitako eta finkatutako eran. Baina errenazimentuko artistentzat elementu bakoitzak etxeari eusteko edo espazioa antolatzeko funtzio zehatza baldin bazuen, hau da, konposizioa funtzio haien arabera egiten zen, arkitekto barrokoek alderantzizko efektua bilatzen zuten. Askatasunez jokatu zuten elementuekin.

Erroma, mundu katolikoaren hiriburua, Mendebaldeko gune politiko eta kulturala bihurtu zen 1600. urtetik aurrera, arranditsua ezizena ezarri zitzaiolarik. Bertan egin ziren Gregorio XIII.aren (1502-1585) hirigintza berrikuntzak, baita Sixto V.aren Aita Santuarentzat egindako eraikuntza-lan izugarriak, Clemente VIII.aren (1536-1605) eta Pablo V.aren garaian (1552-1621) amaitu zirenak. Orduan San Pedroren Basilika bukatutzat eman zuten, Carlo Madernok (1556-1629) premisa barrokoetan oinarrituz basilikaren gorputza eta aurrealdea egin zituenean.



Arkitektura barrokoko ezaugarri nagusiak hauek izan daitezke:

  • Barrokoan edertasuna ez datza eraikinaren harmonian, mugimenduan baizik. Horrexegatik badirudi eraikinaren formak aldatzen doazela.
  • Errenazimentuaren eskema sinpleak eta oinarrizkoak baztertzen dira eta beste batzuk, konplexuagoak, bilatzen dira. Horrexegatik oinplano eliptikoak eta obalatuak agertuko dira edo traza geometriko korapilatsuetan oinarritzen direnak.
  • Lerro zuzenak eta gainazal lauak baztertzen dira eta lerro makurrak, nahasiak eta gainazal ondulatuak agertuko dira
  • Arkitekturan, arterik estatikoenean, mugimenduaren ideia sartzen da. Mugimendua ondulantea eraikuntzaren oinplanoetan agertuko da eta den dena ondulatuko da: barrualdeak, fatxadak, zutabe salomonikoak, frontoiak mozten dira, zirkuluaren ordez obaloa erabiltzen da, kiribildurak erabiltzen dira, teilatu-hegal luzeak eta abar.
  • Argiak berebiziko garrantzia hartuko du: argi-ilunak bilatuko dira eraikinaren forma arkitektonikoaren somaketa oztopatzeko. Horretarako argia kontzentratzen da puntu konkretu batzuetan eta beste batzuetan iluntasuna da nagusi.
  • Elementu eta forma arkitektoniko tradizionalak korapilatzen dira efektismoa bilatzeko, horrela mota askotako arkuak agertuko dira, zutabe salomonikoak"Fustea kiribilduta duen zutabea. Hala esaten zaio Erromako San Pedro elizan dagoenari, kondairak dioenez, Salomonen tenpluan baitzegoen; hala esaten zaie haren gisako guztiei ere.", estipitea (hau da, aldrebes jarritako piramide trunkatuaren antzeko zerbait), landarezko motiboak, moztutako frontoiak "Arkupe, aurrealde edo leiho baten goialdea, hiruki formakoa edo erdizirkularra." eta abar.
  • Barrualdean efektu eszenografikoak eta perspektibak bilatzen dira eta horretarako dekorazio piktoriko ilusionista erabiltzen da, kupuletan eta gangetan bereziki. Arkitektura zibilean lorategi ederrak eraikiko dira iturriekin eta ur-jauziekin.
  • Arkitektura barrokoaren eraikin inportanteenak elizak eta jauregiak izango dira, erret jauregiak bereziki, monarkia absolutuekin bat datozenak.
  • Eraikuntzak eta paisaiak harmonizatzen saiatuko dira, horretarako eraikinen ingurukoak urbanizatzen dira, multzo arkitektonikoak eratzen dira eta hiriak birmoldatzen eta planifikatzen dira.