Arkitektura erromanikoa

Euskal Herrian sortu ziren lehen adierazpen arkitektoniko garrantzitsuenak erromaniko esaten diogun estiloari dagozkio. Elizak, nobleziak eta erregeek sortu zuten honako estilo hau, Europako mendebaldeko kristau-lurraldeen batasuna bideratuko zuten ikurrak behar zituztelako. Beraz, aniztasun geografikoaren, ekonomikoaren eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko asmoz.

Frantziako Cluny ordenako monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Estilo honek mendebaldeko kristau-munduaren kohesioa eta batasuna bermatu behar zituen. Horretarako, monasterioen, apezpikutzen eta erromes-bideen sare zabala eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Donejakue bidearen inguruan zabaldu zen. Gero, horren bitartez eta hortik bertatik abiatuta, adierazpen arkitektoniko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Beraz, erromanikoa da Euskal Herrian garatu zen lehen estilo arkitektonikoa. Halere, Euskal Herrian landu zen erromanikoa oso ezaugarri xumeak ditu.

Erromanikoa Nafarroan hedatu zen gehienbat, gutxiago Araban eta oso gutxi Bizkaian eta Gipuzkoan. Zergatik? Donejakue bidearen adar nagusiak Nafarroa zeharkatzen zuelako eta klunitar abadiarik garrantzitsuenak herrialde horretan zeudelako. Gainera, XI. mendean, erromanikoak goia jo zuen garaian alegia, Nafarroa Iberiar penintsulako erresuma kristau nagusia bihurtu zen, Antso III.a Azkarraren" Antso III.a Gartzes Nagusiak euskaldunen lurraldeak bere erreinura batzea lortu zuen (1000-1035). Sobrarbe eta Ribagortzako konderriak bereganatu zituen. Gaskoniako dukerria ere aldi batean Nafarroako Erresumari lotuta egon zen, Gaskoniako Antso Gilen dukeak Lapurdi eta Nafarroa Behereko zati bat eman baitzizkion zor baten ordainez." politikari esker. Bizkaian eta Gipuzkoan eraikinetan zenbait elementu txiki besterik ez dela geratzen aipatu behar da: leiho bat, zutabe batzuk, ate bat eta abar.

Laburbilduz, erromanikoa Euskal Herrian hain azkar zabaldu izanaren arrazoi nagusiak hauek izan ziren:

  • Cluny ordenaren eskumendeko monasterioak sortu zirelako eta ordena horrek erromanikoa zabaltzen lagundu zuelako.
  • XI. mendean zehar klunitar monjeek erreforma gregorianoa hedatu zutelako.
  • Donejakue bidea erromes bidearen adar nagusi bat (Frantses bidea) eta beste adar txiki batzuk sortu zirelako Euskal Herrian. Adar horien bidez hedatu ziren Europako eredu estetiko eta kulturalak.


Euskonews