Erlijio-arkitektura

Euskal Herriko lurralde batzuetan erromanikoa asko zabaldu bazen ere, ez dira eraikin erlijioso ugari iritsi gure garai arte. Eraikin eskasia horren arrazoiak hauek izan daitezke:

  • Garaiko egoera politiko nahasiak eraikin asko hondatu zituen.
  • Denboraren poderioz, eraikin asko galdu dira.
  • Pertsonek eraikinetan izan duten esku-hartzeen ondorioz, tenpluek eraldaketa asko jasan eta, erromanikoaren garaiko zenbait adierazle besterik ez dituzte mantendu: ateak, leihoak eta horrelako elementuetan baizik ez baititugu aurkitzen erromanikoaren hondarretan.

Eraikin gehienak txikiak eta apalak izan ziren, bai formalki, bai materialki, garai hartan Euskal Herriko eskualde gehienek garapen maila ekonomiko eta politiko txikia baitzuten. Eraikin haietako asko beste batzuek ordeztu zituzten, eraikin berriek hobeki betetzen baitzituzten ondorengo belaunaldiek edukiko zituzten premiak.

Lehen erromanikoan, X. mendearen amaieratik XI. mendeko hirugarren laurdenera arte, Leireko San Salvador eta Aralarko Done Mikel in Excelsis nabarmentzen dira.

Erromanikoaren loraldian, XI. mendeko hirugarren laurdenetik XII. mendearen erdialdera arte, Uxueko Andre Maria, Iratxeko monasterioa eta Iruñeko katedrala ditugu eraikinik garrantzitsuenak, guztiak ere Nafarroan. Iruñeko katedrala Pedro de Roda gotzainaren agintaldian hasi ziren eraikitzen. Gotzaina Clunyn ibilia zen 1100. urtean, eta erreformatzaile gogorra izan zen. Santiago katedraletik zetorren Esteban maisuak lagundu zion katedralaren eraikitze-lanetan.

XII. mendearen erdialdetik XIII. mendearen hasiera arte erromaniko berankorra landu zuten. Hauek ditugu estilo horren eredurik garrantzitsuenak: Zangozako Santa Maria, Eunateko Santa Maria, Lizarrako Ruako San Pedro, Armentiako basilika, Estibalizko Ama edo Galdakaoko Andre Mari.

XIII. mendearen hasieran protogotikoa hasi zen, hau da, erromanikotik gotikorako zubia egin zuen estiloa. Estilo horren ezaugarri nagusiak hauek ziren: arku zorrotzak, ojiba-arkuak"Elkar ebakitzean arku zorrotz bat eratzen duten bi zirkunferentzia-arkuz osatuta dagoena.", zutabe bikoitzeko harroinak, oinplano poligonaleko absideak eta abar. Estilo horretakoak ditugu Tuestako Andre Maria eliza (Araba) eta Orreagako kolegiata, besteak beste.


Hausnartu dezagun!


Erromanikoko artea monasterioetan nabarmena da. Izan ere monasterioetako bizitzak erromanikoaren garaian garrantzi handia izan zuen. Garaiko kultura nagusia monasterioetan garatu zen.

Hemen duzu Umberto Eco idazlearen Arrosaren izena liburuan oinarritutako filmaren zati bat. Bertan ikusi ahal izango duzu monasterioetako monjeen bizitza nolakoa zen eta zergatik garatu zen garaiko kultura bertan.

Ondoren, komenta ezazue ikusitakoa ikaskideen artean.