Arte gotikoa

Gotikoa, XII. mende erdialdetik Errenazimentua agertu zen arte (XVI. mendea Italian) landutako arte- eta arkitektura-estiloa da.

Hirien hazkundeak eragin handia izan zuen arte mugimenduan; horren adierazgarri da hirigintzak, hau da hirien antolakuntzak, lortu zuen garrantzia. Hirigintzaren garrantziaz jabetzen da burgesia eta inbertitzen hasten da. Garai honetan ez dituzte eraikin erlijiosoak soilik egingo, bestelakoak ere egiten dituzte, hala nola, jauregiak, udaletxeak, zubiak eta abar.

Berritze teknikoen artean elementu garrantzitsuenetarikoak erdi-puntuko arkuaren erabilerak zituen mugak gainditzearena izan zen. Erdiko puntu batean elkartzen ziren bi lerro makurrek osatzen zuten arkua eraikitzen hasi ziren, ojibala esaten zaiona alegia. Arku berri horiek presioa kanpoalderantz eragiten zuten eta horregatik arbotante eta horma-bularrez baliatu behar izan ziren eraikinak sostengatzeko.

Aipatu den bezala, arte gotikoa, XII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera gertatu ziren aldaketekin erlazionatuta dago. Izan ere, arte gotikoa Europan nagusitu zen egoera berri baten ondorioz sortu zen, ideia berriak sortu, garatu eta zabaldu zirelako.

  • Elizak nagusitasun erlijiosoa ez ezik, protagonismo politikoa, ekonomikoa eta soziala ere aldarrikatu nahi zuen. Horretarako, ez zuen inolako arazorik izan jaun feudalen eta erregeen aurka beren egoera adierazteko. Eliza garailearen garaia zen.
  • Hiriak nagusitu egin ziren. Gero eta aberatsagoak ziren, eta hiriekin batera, hiritarrak, gotzainak eta burgesak. Hiriak eta hiriko eraikinak, erlijiosoak (katedralak, bereziki) zein zibilak (jauregiak, unibertsitateak, udaletxeak, azokak), egoera berri horren isla ziren.
  • Erlijioa bizitzeko modu berriak sortu ziren. Jainkoarengana hel zitekeen, fedearen bidez ez ezik baita arrazoiketa erabiliz ere. Hori da unibertsitateetan irakasten zutena. Katedralak zeruraino heltzen zirela ematen zuen, Jainkoarenganaino heltzeko moduko garaiera zutela irudikatu nahi zuten.
  • Garai honetako tipologia zabalduena erlijio-arkitektura izan zen arren, arkitektura zibilean ere aurki ditzakegu hainbat eraikin adierazgarri, hala nola jauregiak, dorretxeak, udaletxeak eta abar.

Hausnartu dezagun!


Ikus ezazu Canterbury San Martin katedraleko (Ingalaterra) bisitaldi birtuala. Zergatik uste duzu izendatu zuela UNESCOk"UNESCO edo United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization hezkuntzarako, zientziarako eta kulturarako Nazio Batuen erakundea da. UNESCOren helburu nagusia hau da: bakea eta segurtasuna lortzea hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren bidez. Munduko herrialde pobreetan ikastetxeak egiten laguntzen du; liburuak ere argitaratzen ditu eta literatura eta hizkuntza gutxituak sustatu." Gizateriaren Ondare eraikin hau?

Ondoren irakur ezazu Wikipediak katedralaren inguruan duen sarrera. UNESCOren Gizateriaren Ondarean sartzen diren elementu guztiak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, sar zaitez webgune honetan: UNESCO.




Euskal Herria eta Gotikoa


Gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian eta, batik bat, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsuak eta interesgarriak egin zituzten estilo horretan. Gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, eskultura bere kabuz garatzen hasi ba zen ere. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari jaso zituen: Gaztelatik, Aragoitik eta Frantziatik lehenbizi, eta, Erdialdeko Europatik, hau da, Flandriatik eta alemaniar erresumetatik gero. Gorde diren obra ugariek eta haien kontserbazio-egoera onak lagunduko dute euskal gotikoaren ikerketan.

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa austeritateagatik nabarmendu zen: elementu erromanikoak atxiki zituen hasieran, eta ezaugarri errenazentistak hartu, azkenean. Erromanikoko, gotikoko eta errenazimentuko teknika-, eraikuntza- eta apainketa-elementu horien nahasketa bi arrazoigatik gertatu zen: eraikinek luzaroan irauten zutelako, eta elementuak eta materialak eraikuntza-prozesuko une desberdinetan berrerabiltzen zirelako. Hain zuzen ere, hiztegi gotikoko oinarrizko elementuak -arku zorrotzak, gurutze-gangak, arbotanteak- ez dira beti ageri Euskal Herriko gotikoaren eraikinetan.