Eraikinaren izena | Salbatore Deunaren eliza. Getaria (Gipuzkoa) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa. XIV. mendea. |
Eraikinaren funtzioa | Erlijio-arkitektura |
Deskribapena | Duen arkitekturagatik eta barruan gordetzen duen historiagatik Gipuzkoako elizarik berezienetakoa da Getariako Salbatore Deunaren eliza. Gaur egungo eraikina XV. mendean eraiki zuten, baina aurretik beste eliza bat zegoela adierazten duten aztarnak eta dokumentuak aurkitu dira. Getariako alde zaharrean dago, eta ohiko orientazioa du. Presbiterioak eta ia neurri bereko oinplano trapezoidala duten hiru nabek osatzen dute. Tenplua gurutze-gangaz dago estalita. Horien bultzada dagozkien horma-hortzek jasotzen dute barruan, eta kanpoko kontrahorma batzuetara bidaltzen, arbotanteen bitartez. Barrura sartzeko bi sarrera ditu elizak. Lehenbizikoak portada barroko ordena joniarrekoaren eitea du. Beste sarrera mendebaldeko fatxadan dago: zirkuluerdiko arkua du, tinpanoan arku lobulatu bat duela. Plano irregularra da, haatik, elizaren elementurik harrigarriena. Hormak ez dira paraleloak. Gainera, oinen eta burualdearen artean metro beteko desnibela dago hegoaldeko aterantz. Trazatu irregular hori da eraikinaren alderik originalena. |
Bideoa |
|
Eraikinaren izena | Andre Maria eliza. Lekeitio (Bizkaia) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa. XV. mendea |
Eraikinaren funtzioa | Erlijio-arkitektura |
Deskribapena | Hiru habearte ditu eta burualde oktogonala, girola batez inguratua. Lau ataletan zatituta dago eliza, laurak gurutze gangarekin estalita. Kanpoaldean erdiko habearteak bi isurki ditu eta albokoek bakarra. Mainelaren gainean arku zorrotz bikoitza duen sarbidea dago erdian. Arkuak bederatzi arkibolta ditu inguruan; kapitel jarraituko moldurekin hornitutako zutabeen gainean daude arkiboltak. Pilare-mainelean, errezelaren azpian, Ama Birjina ageri da Haurrarekin, eta 1430-1440 aldera datatuta dago. Tinpanoan, trazeriaz inguratuta, Hirutasun Santua ikusten da aingeruen artean eta kanpoaldeko arkiboltan aingeru musikarien irudiak ageri dira, eta frisoalfizean hamasei iruditxo errezel azpian. Bada sabai leiho bat ere, motibo gotiko berantiarrekin, baita idulki huts bat. Jatorrizko eraikinak hainbat gehikuntza izan zituen ondorengo mendeetan, besteak beste aipagarriak izanik XVII. mendearen hasierako ate nagusia edo XVI. eta XVIII. mendeen artean eraikitako kanpandorrea. |
Bideoa |
|
Eraikinaren izena | Iruñeko Andre Maria Erreginaren katedrala. Iruñea (Nafarroa) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa. XV. mendea |
Eraikinaren funtzioa | Erlijio-arkitektura |
Deskribapena | Gurutze latindarreko oinplanoa du, sei ataleko hiru naberekin, transeptu markatua gehi burualde sakon bat, girola eta lau kapera erradialekin. Burualde horren disposizioa benetan orijinala da, kaperen kopurua bikoitia delako; ondorioz elizaren ardatzean ez dago kapera erradiala, baizik eta bi kaperen arteko pilarea. Altxaera sinplea du, arku formeroen gainetik leihoak soilik daudelako, goi galeriarik gabe. Normala den bezala, diseinu ezberdineko gurutze gangekin estalita doaz eremu guztiak, erdiko nabea, albokoak, transeptua, girola eta kaperak. |
![]() | ![]() |
Eraikinaren izena | Baionako Santa Maria katedrala. Baiona (Lapurdi) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa. XIII. mendean hasi eta XVII. mendean amaitu zen |
Eraikinaren funtzioa | Erlijio-arkitektura |
Deskribapena | Santa Maria katedralak gurutze latindarrreko oina du, eta ohikoa zen bezala orientazioa ekialdetik hegoaldekora du. Bi sarrera ditu, bata mendebaldean, bi ezkil-dorrerekin batera dagoen arkupean, eta bestea, iparralderantz dihoan nabean. Elizara sarrera, ojiba-arku baten azpian dagoen arkupetatik egiten da. Arkupe horren gainean beirate bat duen bao borobila dago, eta honen gainean, oinarrian balaustrada duen frontoi triangelua dago. |
![]() | ![]() |
Eraikinaren izena | Kordoi etxea edo Sokaren jauregia. Vitoria-Gasteiz (Araba) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa, XIII-XV. mendeak |
Eraikinaren funtzioa | Arkitektura zibila |
Deskribapena | Sarrerako arkuetako baten inguruan harrizko soka frantziskotarra ageri duelako du Kordoi Etxeak izen hori. Erdi Aroko eraikin zibilen adibide aparta da. Pedro Sanchez Bilbao merkatariaren aginduz eraiki zuten XV. mendean. Nahiz eta jatorrian bi solairukoa izan, gaur egun aurrealdearen beheko partea bakarrik gordetzen da. Fatxadan bost bao edo ate irekitzen dira, tamaina handikoak eta arku zorrotzekoak. Arku handienaren gainean, apaingarri gisa, frantziskotarren ordenako soka agertzen da eta hortik dator etxearen izena. Ate horien gainean bi medailoi nabarmentzen dira. Bertan ageri diren irudiek izaera erlijiosoa dute. |
![]() | ![]() |
Eraikinaren izena | Dorre Luzea. Zarautz (Gipuzkoa) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa. XV. mendea |
Eraikinaren funtzioa | Arkitektura zibila |
Deskribapena | Beheko solairuan, ukuiluak eta upategiak zeuden lekuan, dobelaz eginiko arku zorrozdun sarrera dago oraindik fatxada nagusian. Ojiba-atexka bat dauka atzeko fatxadan. Halere, jatorriz, itxitako planta omen zen; sarrera nagusia lehenengo solairukoa izanik, hormari itsatsitako eskailera batetik igotzen zen. Halaber, hormaren lodieran txertatuta, Erdi Aroko komun bitxi bat dago. Luzea dorrea babeserako euskal arkitekturaren adibide garbia da, eta gotiko zibileko onenetariko bat. Lodiera handiko hormetan, zenbait gezileiho egin zituzten, eraikin barrura argia sartzeko. Goiko aldean, bi ezproi (alboko kontrahormak) ikus daitezke, kadalsoak (egurrezko bastioi edo gotorlekua) edo egurrezko egiturak eusteko izango zirenak. Mentsuloiek (hegalen pisua eusteko piezak) lau fatxadak errematatzen dituzte. Bigarren solairuan, bai fatxada nagusian, bai atzekoan, bi ojiba-atexka daude, gotorlekura dorre barrutik sartzeko. |
![]() | ![]() |
Eraikinaren izena | San Joan Bataiatzailearen eliza. Agurain (Araba) |
Estiloa / Garaia | Arkitektura erlijiosoa. XV-XVI. mendea |
Eraikinaren funtzioa | Erlijio-arkitektura |
Deskribapena | Gotorleku izateko sortu zuten arren, egun ezagutzen dugun elizak XV. eta batez ere XVI. mendean du jatorria, 1564an Agurainen jazo zen sutean kiskalitako elizaren ordezko bihurtu baitzen. Oinplano angeluzuzena dauka, eta gotikoa da. Ondo bereizitako bi alde dituen dorre bat dauka. XVII. mendeko kanpai-horma dauka gurutzaduran eta dorrearen oinean, berriz, molduradun arku zorrotzeko ate bat dago. Eliz ataria eta kanpandorrea barrokoak dira. Luxurik gabeko eraikina da. Barnealdeko banaketan, aldiz, XVI. mendeko lehen erdiko estilo gotikoaren elementuak nabari dira. Garaiera ezberdineko hiru nabe eta girola zuzen bat ditu. Erretaula nagusia Mateo Zabalak hasi zuen 1646an eta, ondoren, Pedro Obrelek eman zion jarraipena 1650ean. Erretaula barroko klasizista da eta 1660 inguruan amaitu zuten. Egileorreko Ama Birjinaren XIV. mendeko irudi bat dago sakristian. Nabarmentzekoa da, era berean, koruko organoa. Juan Monturusek egin zuen XIX. mendean. |
![]() | ![]() |
Eraikinaren izena | Idiakez dorretxea edo Etxebeltz. Azkoitia (Gipuzkoa) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa |
Eraikinaren funtzioa | Arkitektura zibila |
Deskribapena | Idiakez familiak Erdi Aroan eraikitako etxea da, herrian Etxe Beltz izenez ezagutzen den dorretxea. Bisitaria zur eta lur utziko du hormen belztasunak. Estilo gotikoa du eta fatxadan Idiakez sendiaren armarria ikus daiteke oraindik: Idi bat ageri da zuhaitz bat zeharkatzen. Historia luzea du eraikinak. Esaterako, bertan ezkondu ziren Carlos V.a Borboikoa errege karlista eta Beirako printzesa. Ondoren, II. Karlistadan, liberalek su eman zioten etxeari, eta hormak erabat belztuta geratu ziren (hortik datorkio Etxe Beltz izena). Dorretxearen aurrean 1831ko Barriken Iturria dago. Granada de Egako Dukeak dira jabeak egun, eta beraz, ez dago bisitatzerik. Hormen barruan amodio-istorio bat ere badago, Pedro Idiakez eta Isabel de Lobiano-ren artekoa. |
Bideoa |
|
![]() | ![]() |
Eraikinaren izena | Mendozatarren dorretxea. Mendoza (Araba) |
Estiloa / Garaia | Gotikoa, XII-XIII. mendeak |
Eraikinaren funtzioa | Arkitektura militarra |
Deskribapena | Mendoza herrian kokatzen den gotortutako dorretxea da. Gasteiz hiriburutik hurbil dago. XIII. mendean Mendoza sendiaren egoitza izateko harlanduz eraiki zuten eta gaur egun bertan Arabako Heraldikaren Museoa dago. Bi eraikin gorputzek osatzen dute multzoa: dorreak eta harresiak, eta harresiak dorre handi zirkularrak ditu lau izkinetan eta gezileihoak horman guztian zehar. Dorreak oinplano karratua du, eta harresiz inguratutako eremuaren erdian dago. Ate ateburudun batetik sartzen da dorrera, eta ate horretara iristeko harresiko arku zorrotza pasatu behar da. Bigarren solairuko bao zorrotzak nabarmenak dira, eta goiko aldeko saietera eta matakanak ere bai. 1963ko berritze lanen ondoren erantsi zizkioten dorre handi zirkularrek dituzten almenak. |
![]() |