Arkitektura zibila

Aldi barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio-arkitekturak baino: Izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, gizarteak bere beharrizan eta kezkak eraikin horietan islatu ahal izan zuen. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikinak.

Estiloari dagokionez, soiltasuna eta monumentaltasuna izan ziren arkitektura zibil barrokoaren ezaugarriak; berez, elementu apaingarriak XVIII. mendean soilik barneratu ziren. Eraikin zibil barrokoak oinplano laukizuzena, exentua eta aglomeratua, eskailera-kaxa, teilatu-hegal monumentalak eta lorategia ditu. Fatxadan, inposta-lerroz eta hiru bao-ardatzez (erdikoan balkoia eta armarria kokatzen dira) bereizitako hiru motako eskema errepikatzen da. Jauregiei dagokienez, gehienak ez zituzten antzinako euskal nobleziako lur-jabeek eraiki, noblezia berriak eta merkataritzari esker aberastutako burgesiak baizik; hala, garai honetan zein beste garai batzuetan eraikitako jauregi asko indianoek, Ameriketan pilatutako aberastasunarekin euren jatorrira itzultzen zirenean ordaindutakoak ziren.

Jauregiaz gain, udaletxearen egoitza izan zen garai horretako arkitektura zibilaren adibiderik arrakastatsuena. XVI. mendeaz geroztik Euskal Herrian udal-boterea indartzen hastearen ondorioz, baliabide ekonomiko gehien zuten herriek eraikin berriak egin zituzten. Gogoan izan behar da, aurreko garaietan udalbatzak elizetan egiten zirela. Ondorioz, orain, eraikin berria eraikitzeko aukera eta borondatea izanik, alde batetik udalerriak duen beharra betetzen da eta beste alde batetik erlijioari botere zibila kentzen zaio.

Udaletxeen eraikuntzek egitura eta antolamendu sinplea dute. Hala, arkupean dagoen beheko solairua herritarrekin burutuko diren zereginetara bideratuta dago. Lehen solairuan kokatzen da estantzia nagusia, bilkuren aretoa eta bandera jasotzeko erabiltzen zen balkoi jarraitua. Gainera, agintariak balkoi horretatik zuzentzen ziren herritarrengana. Bigarren solairuan, bulegoak eta artxibategia zeuden, udaleko armarriarekin eta erlojuarekin batera. Kanpoaldetik eraikin soilak ziren apaingarri askorik gabeak.

Garai honetakoak dira, besteak beste, Euskal herri zabaleko udaletxe asko: Oiartzun, Zarautz, Iruñea, Lesaka, Asteasu, Astigarraga eta abar.