Arkitektura zibila

Erromanikoko arkitektura zibilean ez bezala, gotikoaren garaitik eraikin zibil ugari iritsi dira. Egia da gehienak aldatuta eta zaharberrituta heldu direla gurega. Halere, nahikoak dira garai hartako bizitza zibila nolakoa zen ulertzeko. Gainera, eraikin gehienak Euskal Herriko familia garrantzitsuenen jauregiak eta dorretxeak diren arren, badira eraikin arrunten hondakinak ere. Geroko euskal baserriaren egitura igartzen hasten uzten digute.

Nafarroan oraindik hor dauzkagu garai horretako jauregi garrantzitsuenen elementu batzuk. Erriberrin, Karlos III.ak errege jauregia eraiki zuen, XV. mendearen hasieran bere gortearentzat. Europako errege jauregi handien antzera, bere erregealdiaren ospearen eta oparotasunaren agergarri da. Eraikina gela txiki ugarien konbinazioa da, non eraikuntza-elementu gotikoak erantsi diren, gorteko irizpide estetikoari jarraituz, eta ez ikuspegi militarrari.

Frantses gustukoa zen, baina galdu egin zen, jauregia urte askoz egon baitzen bertan behera utzita. Egun kontserbatzen dena zaharberritze baten emaitza da eta jatorrizko elementuak urriak dira.

Araban, Gasteizen aurkitzen dira berriro arkitektura zibil gotikoko adibiderik onenetariko batzuk. Bi dira aipatzekoak: Kordoi etxea eta Arrieta jauregia. Halere, garai horretako eraikinik bikainenak hiriburuaren inguruetan daude. Lurraldean kontserbatzen diren jauregiaz eta dorretxeaz ari gara. Gebaratarren jauregia nabarmentzen da. Hona haren ezaugarri batzuk: oinplano angeluzuzena, lau dorre angeluetan eta hiru oineko bizitegia behe oinaren gainean. Gebaratarren jauregia gezileihoz eta modiloiz militarki prestatutako etxea zen. Bigarren eraikin garrantzitsua Mendozatarren dorretxea da.

Bizkaian eta Gipuzkoan, arkitektura zibileko ereduak ez dira ugariak, baina estilo erromanikoan baino eraikin gehiago daude. Zoritxarrez, XIV. eta XV. mendeetan iparraldeko bi lurraldeetan sekulako borrokak izan ziren familia nobleen artean. Horregatik, eraikin gutxi heldu zaizkigu garai hartakoak, eta haiek, gainera, oso aldatuta egiturari so eginez gero. Bizkaian, Muskizko Muñatones gaztelua eta, batik bat, Orozkoko Aranguren dorretxea dira estilo gotikoan gordetzen diren eredu bakarrak. Aranguren dorretxea nabarmentzen da, bigarren mailako leinuen dorretxeen eredutzat, hortik sortuko baitzen gero euskal baserrien egitura.

Gipuzkoan, eraikin gehiago gorde dira garai horretatik ─Gebaratarren etxea Seguran, Legazpitarrena Zumarragan, Enparan jauregia Azpeitian eta Lili jauregia Zestoan─ baina elementu gotiko gehienak gero erantsitako errenazentistekin batzen dira. Arkitektura zibil gotikoko eraikinik onenak honako bi hauek dira: Berriatua dorretxea, Mutrikun, eta Dorre Luzea, Zarautzen. Azken horretan, hareharri landuzko hormak nabarmentzen dira, kanpoko eskailera eta fatxadetako modiloi ugariak, egurrezko kadaltsoa eransteko.