Erlijio-arkitektura

Erlijio-arkitektura izan zen Euskal Herrian gehien garatu zena. Zeintzuk ziren ezaugarri nagusiak?

  • Oinplanoen kasuan hiru habearteko oinplano basilikala izan zen gehien erabili zena. Horrek gurutzadura garatua, presbiterioa"Eliza kristauetan, apezpikuarentzako eta apaizentzako leku berezia, aldare nagusiaren atzealdean. Han izaten dituzte apezpikuak aulkia eta apaizek eserlekuak, eta baranda edo hesi batez inguratuta egoten da gehienetan." eta girola zituen. Azken horren gainean, sekzio poligonaleko kaperak irekitzen ziren.
  • Euskarriei dagokienez, pilareak bakunak eta apaindura gutxikoak ziren, sekzio zilindrikokoak gehienetan, fustea horzduna zutela pilarearen perimetroan, gangetatik eta tertzeleteetatik jasotzen zuten bultzadari dagokionez.
  • Estalkien egituran ere, pilareetako bakuntasun eta austeritate bera sumatzen da; oro har, gurutze-ganga nagusitzen da.

Lurraldez-lurralde

Garai gotikoan Nafarroan jaso ziren eraikin gehienak, Araban edo Iparralde barnealdean bezalaxe, eraikitze-erritmoa dezente moteldu bazen ere. Bi arrazoi daude moteltze hori ulertzeko:

  • alde batetik, lurralde horietako ekonomia ahuldu egin zelako
  • bestetik, bazirelako jadanik erromanikoan eraikitako eraikin ugari, herritarren premiak ederki betetzen zituztenak

Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldeko itsasbazterrean, aldiz, sekulako hazkundea gertatu zen eraikinen kopuruan garapen ekonomikoari eta hazkunde demografikoari esker.

Araba

Araban, garai horretan egindako eraikinak urriak dira, baina zinez esanguratsuak. Gasteizen, Santa Maria eliza dugu garai hartako eraikinik garrantzitsuena. Egun, Katedral Zaharra esaten diote. Tenpluan basilika antzeko oinplanoa hobetsi zen. Bost ataleko hiru habearte dira, gurutzadura zabala eta burualdea. Gasteizen, estilo horretako beste eliza batzuk ere jaso ziren garai hartan: San Bizente, San Miguel Goiaingerua eta San Pedro Apostolua. Azken hori nabarmentzen da, sarbide arkupeduna baitu burualdearen ondoan.

Biasterin San Joan Bataiatzailea eta Erregeen Andra Mariaren elizak eraiki ziren. Lehena XIII. eta XIV. mendeen bitartean eraiki zen. Hiru nabeak eta gurutze-ganga nabarmentzen dira. Erregeen Andra Mariaren elizak, berriz, nahiz eta geroago eraiki, hau da, XV. eta XVI. mendeen bitartean, honen arkitektura-egitura gotikoaren elementu gutxi atxiki ditu.

Araban gainerakoan, honako herri hauetan dira estilo gotikoan eraikitako elizak: Lasarten, Kanpezun, Bilarren eta Agurainen. Halere, ugari dira, Nafarroan bezala, landa gotikoan eraiki ziren baselizak eta eliza txikiak.

Bizkaia

Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, XIV. mendera arte ez ziren lehen eraikin esanguratsuak gauzatu. Bilbon, Jakue Apostolua eta San Anton elizak dira Bizkaiko gotikoaren erakusgarri onenak. Jakue Apostolua elizak hiru ataleko hiru nabe ditu, gurutzadura alienatua, presbiterioa, kapera nagusi poligonala eta girola. San Anton elizari dagokionez, haren hiru nabeetatik erdikoa nabarmentzen da, beste biak baino zabalagoa eta bi bider altuagoa baita. Lekeitioko Andre Maria elizak da Bizkaiko estilo gotikoko eraikinik bitxiena eta esanguratsuena. XIII. mendeko gaztelar estiloaren traza nagusiei jarraitzen die. Nabarmengarriak dira hiru ataleko hiru nabeak, gurutzadura, burualdeko hiru kaperak edo pinakuludun arbotante-bateria bikoitza.

Gipuzkoa

Beste lurraldeetan baino eraikin gotiko gutxiago egon arren, baditu gotikoko eraikin aipagarri batzuk.

Getariako San Salbatore eliza da lurraldeko elizarik bitxiena. XIV. mendean eraiki zuten. Hiru ataleko hiru nabe ditu, erdikoa goragoa, eta atalak, berriz, zutabeak datxezkien pilare zilindrikoz daude bereizita. Daukan planimetria irregularra da. Hormak ez dira paraleloak, eta ez dago eraikinaren luzerako ardatzarekin korrespondentzia simetrikorik; gainera, oinen eta burualdearen artean metro beteko desnibela dago hegoaldeko aterantz. Trazatu irregular hori da eraikinaren alderik originalena.

Garai horretan, Debako Santa Maria eliza ere hasi ziren eraikitzen. Hiru nabeko tenplua da, eta burualde zuzenekoa. Bertan, portada eskultoriko eta polikromatua nabarmentzen da.

Iparralde

Iparraldeari dagokionez, Baionako katedrala da estilo gotikoan egindako eraikin garrantzitsuena. XIII. mendearen bukaeran hasi zuten eta XIX. mendean fatxadako dorreak eraiki zirenean eman zen amaitutzat. Hau da Euskal Herriko katedralik handiena eta gorena. Aipagarriak diren ezaugarriak hauek dira: gurutze latindarrezko oinplanoa eta klaustroa.

Nafarroa

Nafarroan, Orreagako Santa Maria eliza da garai gotikoko lehen eraikin erlijiosoa. XIII. mendearen hasieran eraiki zuten. Bost ataleko hiru habearte ditu, erdikoa besteak baino goragoa. Burualdea pentagonala da, leiho handiz hornitua. Hau izan zen Euskal Herrian lehen aldiz arbotanteak erabili zituen eraikina. Dena den, gotikoaren adibiderik onena Iruñeko katedrala da. Bi aldi bereizi behar dira haren eraikuntzan:

  • lehenengoan klaustroa eraiki zen, eta
  • bigarrenean, eliza. Aipagarriak dira kontrahormen artean eta alboko habearteen garaiera berarekin irekitako kaperak.

Nafarroako gainerakoan, eraikitako eliza gehienak bakunagoak dira. Hor daude Erriberriko San Pedro eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, eta Uxueko Santa Maria. Eliza xumeak dira, habearte bakarrekoak.